
Aste honetan, apirilaren 10ean, IKEko asanblada orokorra egin dugu Itsas Aurren.
Gaiordena honako hau izan zen:
- Kooperatibaren proiektuen egoerari buruzko informazio eguneratua.
- 2024ko ekitaldiko urteko kontuak, emaitzaren aplikazioa eta administrazio-organoaren kudeaketa azaltzea eta, hala badagokio, onartzea.
- 2025. urteko aurrekontua onartzea.
- Galde-eskeak.
Gure lehen proiektua burutzeko aukera izan dugu! Kostata, asko kostata, baina lortu dugu 75.000 euroko dirulaguntza mantentzeko GFAk jarri zigun epea bukatu aurretik instalazioak bukatzea. Azken unera arte arazo eta oztopo asko izan ditugu, baina proiektuan parte hartu duten guztien laguntzaz aurrera ateratzea lortu da. Mila esker Goiener eta Tapia instalakuntzako lagunei eta nola ez, beraien etxebizitzetako teilatuak utzi dizkiguten bazkideei!
Batzarrari jakinarazi genion Kontseiluko azken bileran, 2025ean urtea lasai lana egiteko erabakia hartu genuela eta beraz, aurten ez dugula proiektu berririk aurkeztuko GFAn. Hurrengo asteetan eta hilabeteetan, lehen eta behin Iberdrolaren gaia jorratuko dugu instalazioak lehenbailehen martxan jartzeko, eta hauek martxan jartzean, monitorizazio sistema baten bidez bazkide bakoitzaren autokontsumo maila neurtu eta gai honi buruzko formazio eta hitzaldiak antolatzeko asmoa dugu.
Segidan, 2024ko diru-kontuak eta 2025eko aurrekontua agertu genituen batzarrak onar zitzan. Aho batez onartu ondoren, dirulaguntzen dirua bazkideei bueltatzeko bi epeetan egitea proposatu genien batzarrari kontu korrontean diru pixka bat edukitzeko eta batzarrak gai hau ere aho batez onartu zuen. Beraz, apirilean bazkide bakoitzari dagokion dirulaguntzaren diruaren erdia bueltatuko zaio eta beste erdia uztaila aldean, Udaleko dirulaguntza kobratzean. Halere, argi eta garbi aipatu genuen norbaitek diru guztia jasotzea beharrezkoa ikusten bazuen, Kontseiluko norbaiti esan edota emailez idatzi bat bidali besterik ez lukeela egin behar.
Bukatzeko, iazko errenta aitorpenean aurkezteko zertifikatuak nola egin diren agertu genuen jende askok ez zuelako ulertzen jarritako dirua baino gutxiago izatea: zertifikatuetan agertzen den kopurua, GFAko dirulaguntza kendu ondorengo zenbakia da, ez bazkide bakoitzak jarri zuen kopurua. Aurrerago, Ogasunatik BEZaren dirua jasotzean, hau ere bueltatu egingo da bazkideei.