Juantxo Marrero, Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotziak, orain arte mantentzen egon den irizpidea aldatu eta urte guztian zehar esaten egon denaren kontra, Energia Berriztagarrien komunitateei eraikin publikoetako estalkien zesioa ez egitea erabaki du.
“Badakit oso haserre egongo zaretela nirekin, ulertzen dut, baina ez dago atzera bueltarik. Orain arte, Ingurumen zuzendaria nintzen bitartean zesioaren alde borrokatu badut ere, orain ingurumen zinegotzia naizenez, aurreko zinegotziaren (Marisol Garmendia) irizpidea aldatu eta ez dut zesiorik onartuko Donostiak behar duen energiaren %30a berriztagarrietatik lortu arte. Herriko eraikin publiko gehienak bezala, frontoia ere laster Igeldoko TETaren esku geratuko da, beraz, beraiei eskatu. Bitartean, nik donostiar guztien onuraren alde egingo dut”. Kitto!
Ea ohartzen zen erabaki horrek zer nolako kaltea egiten zigun galdetzean, lasai asko erantzun zigun baietz, bazekiela erabaki horrekin gure proiektua asko atzeratzeko aukerak sortzen zirela, baina bere ezetza tinkoa zela.
Donostia mailan aipatutako energia berriztagarrien portzentajea igotzeko Igeldon zenbat plaka jartzeko asmoa zituen galdetzean, bertan plakak jartzeko asmorik ez zuela erantzun eta, aipatutako helburua lortze-bidean norberak egiteko asmorik ez duenean besteok, irabazi asmorik gabeko kooperatibaren bidez prestatuta dugun proiektua egiten ez uztea ez genuela ulertzen esatean, agian beste aukera bat bazegoela aipatu zigun: aurtengo aurrekontuetan Igeldoko frontoian plakak jartzeko partida bat onartzea, baina horretarako lehenbizi EAJ eta EHBildurekin hitz egin beharko genuela eta, alderdi hauen adostasuna lortuz gero, beraien (PSOE) babesa ere izango genuela.
Aukera guztiak aztertu beharko ditugu, noski, baina bilera horren ondorioz gure egoera ez da erraza!
Hau dela eta, GFAk dagoeneko onartuta eta diruz lagunduta dugun proiektuaren bideragarritasuna lortzeko, berriro ere bazkide guztiengana zuzendu nahi dugu zuen etxeko teilatuak Kontseiluaren esku uzteko, bakoitzaren aukerak eta efizientzia aztertu eta aukeratutakoak hitzarmenen bidez proiektuan txertatzeko. Beraz, zuen teilatuen zesioa egiteko prest zaudeten guztiak jarri mesedez lehenbailehen gurekin kontaktuan!