Uztailaren 5ean, IKEko batzarra ospatu genuen Itsas Aurren.
Batzarraren gai-ordenaren lehen puntua, Juantxo Marrero, Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotziak, IKEri teilatu publikoak ukatuz bidali zigun mezuaren ingurukoa izan zen. Urte guztian zehar zesio zuzenaren eta konkurtsoaren artean eztabaidatzen egon ondoren, mezu labur baten bidez eta inongo esplikaziorik gabe, “Donostiako Udalak inongo zesiorik ez egitea erabaki zuela donostiar guztien onurarako erabiliko zituztelako” jakinarazi zigun, eta ondorioz, hitz emanda zeuzkaten frontoiko eta Txalingo ur biltegiko teilatuak ez zizkigutela utziko. Mezu hori jaso ondoren Eneko Goia alkatearekin eta Yon Goiko aholkulariarekin bildu ginen eta kronologikoki egindako bilerak eta unez-uneko erabakiak zeintzuk izan ziren agertu eta azken erabakia sortzen zigun indefensioa adierazi ondoren, gure egoerari irteera bat eskatu genien. Honez gain, Zubietako eta Añorgako egoera ere mahai gainean jarri genien. Beraiek gaiari buruz ez zekitela ezer esan ondoren, denbora bat eskatu ziguten informazioa jasotzeko eta arazoari irtenbide bat ematen saiatzeko.
Batzarrean bildutakoen artean, orain dela gutxi arte Udalak emandako hitza bete dezan gestioak egiten jarraitzetik aparte, alternatiba ezberdinaz hitz egiten egon ginen eta bazkideei beraien teilatuak uzteko eskaera egin zitzaien.
Bigarren puntua, lehen instalazioa egiteko aurkeztu zizkiguten lau aurrekontuen artean bat aukeratzeko botazioa egitea zen. Lauak oso antzekoak zirenez, Kontseilu Erretoreak Goienerrekoa onartzeko proposatu zuen, bi urteko ibilbidea beraiekin egina geneukalako eta bi aldeen artean konfiantza giro handia genuelako. Batzarrak ahobatez onartu zuen proposamen hori eta Goiener izango da Igeldoko Komunitatea Energetikoko lehen instalazioa burutuko duena.
Energia kontuetan bazkideen errealitatea zein den ezagutzeko eta etokizunezko proiektuen inguruko gogoeta egiteko prestatu dugun galdetegiari buruz ere hitz egin genuen. Batzuk egina ekarri zuten eta besteei emailez bidaltzeko eskaera luzatzen zitzaien.
Segidan, kontuen inguruko argibideak eman ziren eta, azkenean, galdera batzuekin bukatu genuen.
Izugarrizko zailtasunekin, baina aurrera goaz!