GFA-KO DIRULAGUNTZEN EBAZPENA ATERA DA ETA GURE ESPEKTATIBAK GAINDITU DITUGU!

Atzo, uztailak 24, argitaratu zituzten dirulaguntzetan IKEk bultzada nabarmena izan du.

Bi programetan aurkeztu ginen: Energia komunitatea eratzeko eta kudeatzeko diruz lagundutako programan eta gure lehen proiektua izango den FV-ko instalazioa abian jartzeko programan.
Lehen programan, Kooperatiba eratzeko izan genituen gastuak (notaritza, erregistroa, webgunea…) sartzen ziren. Denera, 6.456,73 euro gastatuta genituen eta, gastuen %72eko dirulaguntza lortu dugunez, 4.648,85 euro jasoko ditugu.

Bigarren programan, gure lehen proiektua izango den FV-ko instalazioa abian jartzeko aurkeztu genuen aurrekontu merkeena hartu dute kontuan, hau da, 103.202,82 eurokoa eta, aurrekontuaren %72,67ko diru laguntza lortu dugunez, programa honetan jaso genezakeen gehiena jasoko dugu, hau da, 75.000 euro.

Beraz, nahiz eta TET-a eratu gabe egoteagatik puntu batzuk galdu (15 puntu lehen programan eta 5 bigarrenean), gure espektatiba onenak gainditu ditugu eta oso gertu ibili gara GFAk markatzen duen %75eko topetik.

Orain, abuztuaren 6an Donostiako Udalean izango dugun bileraren zain geratzen gara ea frontoia lortzeko aukera dugun edo ez ikusteko. Lortuko bagenu, Goienerrekin lehenbailehen hitz egin eta proiektua martxan jarriko genuke. Udalak ezetza berresten badigu, batzarrean aipatu genuen moduan, gure etxeetako teilatuetara jo beharko dugu alternatiba gisa.

Batzarrean aipatu genuen moduan, badaezpada, ahal ditugun teilatu gehienak lortu nahiko genituzke frontoian eta Txalinen jarri behar genituen plakak efizientzia gehiena ematen duten teilatuetan kokatzeko. Dagoeneko beraien teilatuak eskaini dizkiguten hiru bazkide ditugu (ziurrenik aste honetan laugarrena lortuko dugu) eta lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiegu beraien eskuzabaltasunagatik, baina, leku gehiago beharko dugunez, berriro ere bazkide guztiei eskaera luzatu nahi dizuegu zuen teilatuak ere IKEren esku jartzeko. Aipatu genuen moduan, teilatuaren zesioa hitzarmen baten bidez egingo litzateke eta, instalazioaren jabetza kooperatibakoa izanik, IKEk aseguru potente bat egin beharko du edozein arazoren aurrean era egokian erantzun ahal izateko. Beraz, uxatu beldurrak, animatu eta egin zuen teilatuaren zesioa kooperatibari! Norbait animatuko balitz, Kontseiluko edonorri esan besterik ez du!

Aurrera goaz!