Hiru urteren ostean, “malkartsua” izan den bide baten amaiera etorri da gaurkoan: Igeldoko Komunitate Energetikoak (IKE) bere lehen plaka fotovoltaikoak martxan jarri ditu. Horrelaxe jakinarazi du Nekane Urruzmendi IKEko lehendakariak, herritarrez eta erakundeez babestuta.
IKEk hiru urte daramatza lanean, eta 78 bazkide ditu egun, tartean, herriko sei enpresa eta bi elkarte. Beraz, lau instalazio fotovoltaiko hauek martxan jartzean, “Igeldoko familien ia herenaren kontsumo energetikoa jasangarriagoa dela” adierazi du Urruzmendik.
Halaxe nabarmendu dute, baita ere, Eneko Dorronsorok, Igeldoko Tokiko Erakundeko Txikiko ordezkariak, Iñigo Garciak Donostiako Ekologia zinegotziak eta Jose Ignacio Asensiok Aldundiko Jasangarritasuneko diputatuak.
Dorronsorok herritarrei eman dizkie eskerrak, erakundeen elkarlana errazteagatik eta, Donostiako Udaleko arduraduna bertan zegoela aprobetxatuz, Ingurumen transferentziak Igeldora berehala egiteko eskaera luzatu dio. Garciak, norabide berean, herritarren protagonismoa nabarmendu du trantsizio ekologistan aurrera egiteko. Azkenik, Asensiok, igeldotarrak zoriondu ditu, egitasmo “aitzindaria” dela aitortuz. Asensiok esan duenez, hasieratik babestu dute proiektua, eta egitasmoarentzat 82.000 euro jarri dituztela gogora ekarri du, ia-ia osorik finantzatuz, alegia.
Bukatzeko esan, prentsaurrekora Usurbil, Añorga eta Hernaniko EBK-en arduradunak ere agertu direla, IKEk, etorkizunean beraiekin proiektu amankomunak bultzatzeko asmo sendoa duelako.